Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio eta Iurretako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteek bat egin dugu berriro, eta “Ongi Etorri” kanpainaren bigarren edizioa abiatzen dugu.

Bigarren edizio honen aurkezpena Abadiñon egin dugu, parte hartzen duten herrietako elkarte eta udaletako ordezkariekin, eta Mankomunitateko ordezkariekin batera.
Indarra hartzen duen irudi ezagun bat
Kanpainaren helburu nagusia herritarrak gure herrietako establezimenduetan sartzera eta eskaintzen duten guztia ezagutzera animatzea da. “Ongi Etorri” leloarekin, gonbidapen argi eta hurbil bat helarazi nahi da: atea zeharkatzea, negozio bakoitzaren atzean dauden pertsonak ezagutzea eta Durangaldeko eskaintzaren aniztasunari balioa ematea.
Lehenengo edizioak harrera ona izan ondoren, aurten lelo eta irudi grafiko berari eutsiko diogu, kanpainari jarraipena emateko, nortasuna indartzeko eta herritarrek erraz aintzat har dezaten.
Kanpainaren xehetasunak
Kanpaina irailaren 29tik (astelehena) urriaren 12ra (igandea) dago martxan. Bi aste horietan, parte hartzen duten establezimenduek bentosa duen banderatxo bat izango dute erakusleihoetan, kanpainaren irudiarekin.
Epe horretan egindako erosketa guztiek 2.500 €-ko sari baten zozketan parte hartzen dute. Irabazleak 24 ordutan gastatuko du bost herrietan zehar, bakoitzean 500 € erabiliz.
Zozketan parte hartzeko, nahikoa da parte hartzen duten establezimenduetan erostea eta erosketa-tiketa (izena, abizenak eta telefonoarekin) saltokietan dauden kutxetan sartzea edo labur.eus/ongi-etorri-zozketa webgunearen bidez.
Ilusioa pizten duen esperientzia
Iaz, kanpainak interes handia piztu zuen, eta kontsumitzaileek zein establezimenduek oso ondo baloratu zuten. Tiketa datuekin betetzeko unean, bezeroek irudimenari eusten zioten saria nola erabiliko zuten pentsatuz.
Mª Asunek, Iurretako Alimentación Rakel dendako ohiko bezeroak, egin zuen erosketa bati esker irabazi zuen, eta pozik eta irribarretsu gogoratzen du iazko esperientzia.
Zabalkundea eta lankidetza
Kanpaina sustatzeko bideo bat ere egin dugu, sare sozialetako hedapena indartzeko eta publiko zabalarengana iristeko balio duena.
“Ongi Etorri” berriro ere posible da Durangaldeko Elkarteen Foroan egindako lan partekatuari esker. Eskualdeko elkarteetako ordezkarien arteko lankidetza-gune bat da, esperientziak partekatzea, beharrak antzematea eta tokiko merkataritzaren aldeko ekimen bateratuak sustatzea bilatzen duena.
Gainera, parte hartzen duten herrietako udalen babesa du kanpainak, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza.
Harremana
Kanpainaren oinarri guztiak labur.eus/ongi-etorri-zozketa helbidean kontsultatu daitezke eta informazio gehiago nahi izanez gero, 94 681 81 42 / 688 738 102 telefonora deitu edo info@dendakbai.eus helbidera idatzi daiteke.