DURANGALDEAK “ONGI ETORRI” KANPAINA AURKEZTEN DU

Joan den ostiralean, irailak 13, Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio eta Iurretako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteek eta beren udalek, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin batera, “Ongi Etorri” kanpaina aurkeztu zuten.

Ekitaldia Elorrion egin zen, eta bertan parte hartu zuten herrietako elkarte, udaletako eta Mankomunitateko ordezkariak.

Batasuna eta lankidetza helburu komun batekin

Kanpaina honen bidez, Durangaldeko udalerri, elkarte eta establezimenduen arteko batasun irudia transmititu nahi da. Era berean, tokiko kontsumoa sustatu nahi da alderdi guztietan (aisia, erosketak…), eta Durangaldean denetarik eros daitekeela erakutsi: elikagaiak, jostailuak, arropa, etxetresna elektrikoak, liburuak, paper-denda, altzariak, bitxiak, kosmetikoak, dekorazioa…

Horregatik “Ongi Etorri” izan da aukeratutako leloa, asmo-adierazpen argia: kaleetan zehar dabiltzan pertsona guztiak gonbidatu nahi ditugu gure establezimenduetan sartzera, “ongi etorriak direla eta konpromisorik gabe sartu, begiratu eta uki dezaketela esan nahi diegu”.

Bi fase zozketa bakarrarekin

“Ongi Etorri” gaur, hilaren 16an, hasten da bere lehen fasearekin. Establezimenduek moketa bat jarri dute sarreran, kanpainaren leloarekin, kaleetan zehar dabiltzanak sartzera gonbidatu eta ongietorria emateko.

Bigarren fasea urriaren 1ean, asteartea, hasiko da. Bertan, parte hartuko duten 5 herrietako atxikitako establezimenduetan erosita, 2.500€ irabazi ahal izango dira, eta 24 ordutan erabili beharko dituzte.

Tamaina horretako zozketa bat antolatzen den lehen aldia da, zenbateko hori pertsona bakar batek irabaziko baitu. Hori guztia parte hartzen duten establezimendu, elkarte eta udalen batasunari eta elkarlanari esker da.

Durangaldeko elkarteen foroa: lankidetza eta batasun gunea

“Ongi Etorri” Durangaldeko Elkarteen Foroaren topaketen ondorioz sortutako bigarren kanpaina bateratua da. 2022ko maiatzean sortu zen gune hori, eta eskualdeko elkarteetako ordezkariak elkartu egiten dira, ezagutzak, esperientziak eta kezkak partekatzeko.

Testuinguru horretan jarri zen abian lehen kanpaina 2022ko gabonetan, “Dena Bertan” esloganarekin. Horrekin batera, Durangaldeko saltoki guztiek osatzen duten merkataritza-sare erraldoia erakutsi nahi izan zen, bezeroek behar dituzten produktu eta zerbitzu guztiak hementxe bertan, eskura, dituztela erakutsiz, hurbiltasunak bakarrik eskain ditzakeen erraztasun eta konfiantzarekin.